We’ve updated our Terms of Use to reflect our new entity name and address. You can review the changes here.
We’ve updated our Terms of Use. You can review the changes here.

Galdemoduen Trilogia

by Mugaldekoak

/
  • Streaming + Download

    Includes unlimited streaming via the free Bandcamp app, plus high-quality download in MP3, FLAC and more.
    Purchasable with gift card

      €7 EUR  or more

     

1.
Manual bat 01:27
Duela hamalau urte elkarrekin gertatu ginen mugaldean, Berako aduana zaharrean. Zimurtu zaigu pixka bat larruaren jantzia geroztik, eta buruko ilea bakandu. Nolanahi ere, musika eta literatura senidetzeko gogoak bildu gaitu berriz. Hirugarrenez. Instrukzio-manual batetik atereak izan litezkeen galdemoduak etorri zaizkigu bisitan. Pozak, zalantzak eta minak berritu ditugu ezinbertzean, giza animalion mekanikaz galde egiten duten akordeak eta hitzak uztartzearekin batean. Idomeni Grezia eta Mazedonia arteko mugaldean dagoela ikasi dugun egunetan hezurmamitu da pieza hibrido hau. Manual baten eta hamaika galdemoduren laguntzarekin.
2.
Hizkuntza bat hiltzen den bakoitzean munduak begi bat galtzen du, gutunetako letrak doluminez jaunzten dira, heriotzak mihia bahitzen digu. Ez dut bizi nahi gure kaxa non paratuko duten pentsatuz, museoetako bitrina gardenek begibakarreko nahiago gaituzten beldurrez. Lurrari erauzten diote oxigenoa anestesiarik gabe, herri bat desagertzen den aldiro birikak odoletan utzirik. Bizitza bizitzeko inbentario bat eskatu diot urte berriari: arnasa, begiak, birikak, mihia. Eta orbelak ez gaitzala estali udazkenean. Hizkuntza bat hiltzen den bakoitzean munduak begi bat galtzen du, gutunetako letrak doluminez jaunzten dira, heriotzak mihia bahitzen digu.
3.
Lepoan musu eman eta ohartu zen: “zauri ttikiak dituzu hor eta hemen”. Ez dira aunitz, ez sobera handiak, nire zati dira. Marka bakoitzak badu bere izena, gertatu dena nahiz gertatu ez dena: Judit, Naiara, Silvia eta Arantza, bide gala(ra)ziak. Urteak pasatuta hasi naiz ulertzen barrena isilik nola kexatzen den. Agerian ditudan harramazka horiek balaku gordinak gordetzen dituzte. Ezpain busti haiek gidatu ninduten: ostatutik haren etxera joan ginen. Botika horizontala erakutsi zidan, argi apalean. Ohatzean geundela ohartu nintzen: “zauri ttikiak dituzu hor eta hemen”. Ez dira aunitz, ez sobera handiak, bere zati dira. Orain noizean behin gelditzen gara, botika horizontala(re)n arrimu goxora. Zauriak sendatzen dizkiogu elkarri, gure gorputzen kimikaz, ekologikoki.
4.
Mapa 03:07
Laua, gainean jarria deneko mahaia bezain. Haren azpian deus ez da mugitzen ez irteeraren bila aritzen. Haren gainean nire giza hatsak ez du haize zurrunbilorik sortzen, eta bakean uzten du haren azalera guzia. Bertako zabaldiak eta ibarrak beti dira berdeak, bertako goi-ordokiak eta mendiak, horiak eta marroiak, itsasoek nahiz ozeanoek urdin adiskidetsuko dirauten bitartean bertako ertz urragarrietan. Hemen dena da txikia, hurbila eta eskuragarria. Azazkal puntarekin zapal ditzaket sumendiak, poloak ferekatu eskularru lodirik gabe; begiratu batekin besarka dezaket edozein desertu justu ondoan datzan ibai baten aldean. Arbolatxo guti batzuek adierazten dituzte oihan zaharrak: zaila litzateke bertan galtzea. Ekialdera eta mendebalera, ekuatorearen gainean eta azpian, erabateko isiltasunez ereindako eremua; eta hazi ilun bakoitzean segitzen du bizitzen jendeak. Hobi komunak eta ustekabeko hondamenak iruditik kanpo daude. Herrien mugak apenas dira ageri, duda eginen bailuten izan edo ez izan. Atsegin ditut mapak, gezurra diotelako. Ez diotelako biderik ematen egia erasotzaileari. Eskuzabaltasunez, umore on hutsez, mundu honetakoa ez den mundu bat zabaltzen didatelako.
5.
Etsaiak 04:43
Larruaren kolorea ezberdina, guri lana ebastera etorria? edo eritasun bitxi batek jotako sexu berekoen maitalea dena? Bertze jainko baten adoratzailea ala federik gabeko ateoa? Edo lehengo tradizioen traidorea, gizontasunaren usurpatzailea? Aukeratu al duzu zure etsaia? Barrena kiskaltzen dizun hautagaia? Jasanezin eta gorrotagarri dena? Halere, etsai handiena maiz gure baitan gordetzen da. Halere, etsai gaiztoena Barneko mamu ezjakina da. Familian, lanean, lagunen artean; barkaezinak diren miseriengatik? Eskuineko, ezkerreko edo inongo, beroegi, hotzegi edo epelegi? Ezagutu gabe eta kulparik gabe Juzkatu eta aiseegi larrutzen dena, Diru, etxe, lur ta ondasunengatik, guztia daukana edo deus ez duena? Aukeratu al duzu zure etsaia? Barrena kiskaltzen dizun hautagaia? Jasanezin eta gorrotagarri dena? Halere, etsai handiena maiz gure baitan gordetzen da. Halere, etsai gaiztoena Barneko mamu ezjakina da.
6.
Nahi gabe eman dio guardasolaren puntarekin buruan. Bi aldiz eskatu dio barkamen zintzoa, eta bietan erregu tonua nabari-nabaria izan da. Segundo bakan batzuk nahiko gertatu dira zauritua zaurtzaile bihurtzeko. Zaurgarriki. Mila punta ziztakarik marrakatutako aurpegia utzi izana leporatu dio ozenki, guardasolarekiko kontaktuak oinaze fisikorik sortu ez badio ere. Botereak eman dio orduan ahotsa goratzeko ahala, bertzearen gainean ezartzeko eskubidea, ongizatearen izenean uxatzeko aukera: “Segi zeure herrira. Hemen mina baizik ez duzue egiten eta. Baita guardasolarekin ere, redios!” Burumakur aldendu da arabiar itxurako emakumea. Ihesi. “Dena da botere kontua”, pentsatu duzu une horretan. Zeren eta… emakumea arabiar itxurakoa ez balitz? Edota, arabiar itxurakoa emakumea ez balitz? Emakumea eta arabiarra izanik ere, gaztelaniaz solasean trebe moldatuko balitz? Erretorikoak dira arestiko galdera guztiok. Ederki ezagutzen dituzu haien erantzunak, bai eta horiek finki lotzen dituen hari petrala ere: dena da botere kontua… mundu zibilizatuan.
7.
Beldurrak ez du barkatzen, adiskide. Kosk, hozka eta ausiki eginen dizu, bere nabala zorrotza sartu, zirrikiturik kausitzen badu. Bizkarra ez ezazu eman behin ere: traizio makurrak ditu gogokoen. Heriok bezala ezustea du maite, agerian aritzeko debekurik ez badu ere. Ez du lotsarik, ez errukirik: esku bat eskainiz gero, bi besoak hartuko dizkizu, burua eta bihotza eraman aitzinetik. Beldurrak ez du barkatzen, adiskide. Egiozu kosk, hozka eta ausiki; jakin dezala ongi zein haragitan ez duen balio bere nabalaren legeak.
8.
Onddo bila 02:43
Mendian barna joaki. Onddo bila ibilki. Iratze tartean, muga inguruan. Saski hutsa, kani(be)ta garbia. Patrol bat ikusi Ta gu harrituak eltzetzuak ari ziren makurka onddo bila. Urde aluak! Saskia ongi betea. H(ai)ek ez gintuzten ikusi gordeka hurbiltzen Isilik, polliki-polliki. Onddo altxorra hamar bat metrora. Eskuko frenoa kendu bulkada ttiki bat patrola maldan beheiti eltzetzuak lasterka Euren saskia gu(re)tzat Behingoz, zerbitzu on bat.
9.
Larre eta belaietan aziendak nonahi zebiltzan, borda guzietan bazen bizia laborantzan. Baratze eta landak nehoiz ez ziren agortzen, belar, iratze eta heiako lanik ez zen finitzen. Urteak pasatu ahala aukerak urritu ziren bordetako haurride andana lan bila gan zen. Urrun edo hurbilera gehienak hegan kanpora eta xahar batzuk gelditu ziren hatsa galtzera. Egun larre eta belai sasiek janiko inguru eta borda anitzen hondarrak harri mukuru. Burrunbaka, danbaka, bazterrak soinu eta zauri nahiago nuke mendia hobeki maiteko balitz. Gan ziren menditar zintzoek egin bezala.
10.
Astro-H 02:54
Pauso sendo bat eman du Japoniak unibertsoaren sekretuak deskubritzeko: Astro-H satelitea jaurti du espaziora, zeinak bere baitan x izpien detektagailua eta lau teleskopio baitaramatza. Zulo beltzak nahiz galaxien multzoak behatzeko lana eginen du sateliteak, eta 2016ko udaz geroztik hasiko omen dira zientzialariak eskala handiko datuak jasotzen. Erantzunak topatu nahi dizkiote galdemodu nagusiei: Zer gertatu zen unibertsoaren sorreran? Nola sortu eta bilakatu dira galaxiak? Nola handiagotzen dira zulo beltzak eta zein da beren eragina inguruan? Bitartean, indarrean dirau urkamendi bidezko zigor kapitalak japoniarrek gobernatzen duten irlan. Urkabea da presoa hiltzeko baliatzen den metodo bakarra. Zintzilik lepoa kraskatzea. Hamazazpi silabako haikuak idazten dituzte soka larriaren esperoan dauden kondenatuek, heriotzaren korridorearen zulo beltzean. Inoiz ez didate hamazazpi pausok hainbertze estutu zintzurreko korapiloa. Mortem timere crudelius est quam mori (Senecari egotzitako aipua)
11.
Parpailaren koplak aditu nizkion eskaleari, gitarra eskuan zuela doinutxo bat kantari: “Kanta dezaket eta trankil erran Euskal Herrian edo Ingalaterran ahairean sos batzuk eskatuagatik ez naizela itsutzen ni diruagatik”. Errenta-aitorpenaz jardun zuen gogotik, zergadunak bereizten dituenaren ildotik: “Langile xumeak egiten dituen lanak izaten dira aitortzeko moduko afanak. Handikiak sakelak gero eta gizenago, baina ogasuneko ilaran noiz ote dago? Lotsagabe aritu zen ozenki kantatzen, hipokrisia adostua akordeka kolpatzen: “Zertan eta zerengatik da duinago puta famatua puta anonimoa baino? Guziek paratzen dugu gorputza salgai, dotore usteko batzuek arima ere bai.” Bi arau zabaldu kritikatu zituen zirtoka, demokraziaren tabuak hasi ziren saltoka: “Aizu, diruaz edo politikaz ez okertu, zure botoa eta jornala ezin agertu! Sekretuan edukitzea eskubide ona, galdetzeak sortzen du ezinegona.” Dirua da munduan erlijiorik santuena, denen fedea mirakuluz berritzen duena: “Parpailak elkartzen ditu kulturak, hor-hemenka bedeinkatutako urak. Ez gara deus sosen falta izanda, hain da handia haren demanda!”
12.
Bi kopa bete 03:46
Bi kopa bete agerian, mahai gainean; desioak desio aurkitu du aitzinean. Solas ozenik gabe, begiak mintzo konplize. Ezpainek topa egin dute: orain, hemen, bien alde. Elkar edaten hasi dire: ardo, gorri, heze. Gauaren argiak ilunpean kulunkatu, goizeko eguzkiak gosaria zerbitzatu. Inork ez du etsi nahi, eskuak jostetan alai. Ez gaitezen hotel honetatik inoiz atera, oraindik badugu amesteko zinezko aukera. Koparik ez mahai gainean, desioak desio aurkitu du aitzinean.
13.
Hurrup! 04:14
Gauaren oihanean, iturrira bidean, bizia hurrupaka edatera. Gauaren babesean, Ilargiaren menean, hurrup eta klikean galtzera. Hurrup adiskidetasun arnoari, bai elkartasun sagarnoari ere, eta osasunaren izpirituari ere hurrup! Gauaren sasipean, iturrira bidean, Herioa hurrupaka aizkatzera. Gauaren bihotzean, Ilargia aitzinean, hurrup eta klikean piztera. Hurrup maitasunaren anisetari, bai larruaren whisky zaharrari ere, Eta askatasunaren izpirituari ere hurrup!
14.
Harro nago neure miseriez neure balentriez ez bezala: hainbat gezur ttiki, bizpahiru beldur handi, noizbait koldar jokatu izana, eta, akaso, oraindik papereratzen ez dakizkidan bestelako zalantza batzuk. Tira, mundua nola dabilen ikusita, uste dut lasai esan dezakedala neure barrenak neure buruari gorde nahi izaten dizkion tolesdura horiek ez nautela miserable egiten, ez erabat behintzat. Zertaz akusatu behar naute, bada: besteek nahi bezalakoa ez izateaz? nik neuk uste bezalakoa ez izateaz? Baliteke. Baina, kasu horretan zera argudiatuko nuke defentsan: “kirol praktikatua da oso nork bere kontzientziari izkin egitea”. Tamalez, miserable zikinez plazak eta plazak beteko genituzkeela jakinik, zintzo diot hemen harro nagoela neure miseriez neure balentriez ez bezala.
15.
Emazteki langilea zinen Lana gogor bizkarrean Emazteki langilea zara Etxean edo kanpoan Mundua mundu denetik zurekin dago zorretan. Bizitza erdia erditzen Lana ez zen inoiz kezka Hamabi ume hazita Eginbeharrez gainezka Eta baserrian Besta e(g)unik ez ba Ziztu baten bizitza Partitu zen lasterka Emazteki… Zure baitako indarra Ez da berdintzerik Bizitzaren harri kozkorrak Legar bihurturik Beti kementsu Lan ta lan laketurik Zure ahalegina ordea Ez da aski aintzat harturik. Emazteki langilea zinen Lana gogor bizkarrean Emazteki langilea zara Etxean edo kanpoan Mundua mundu denetik zurekin dago zorretan.
16.
Lizunagoa eta zitalagoa da publizitate neutroa inork ikusten ez dituen film horiek baino. Okerrago daude terapiarik egiten ez dutenak boluntarioki egiten dutenak baino. Gurasoek laztan gehiago ematen diote sakelakoari euren seme-alaba kuttunei baino. Eskerrak gertatzen ez diren gauzak diren. Beharrik halakorik ez dugun inoiz hemen. Denetik jartzen dutela kantatzen duten irratiek estilo bertsuko musika bera paratzen dute. Munduko herritar agertzea maite duten horiek, elebakar soilen dantza egiten dakite. Gorputza osasun hutsagatik zaintzen dutenek batez ere bertze begien estetika dute maite. Eskerrak gertatzen ez diren gauzak diren. Beharrik halakorik ez dugun inoiz hemen. Zibilizazio aitzinatuaren eredu den Europan diskurtso xenofoboek ederki dute funtzionatzen. Erlijio guziekin izan beharreko errespetuak mota guzietako ateoak ez ditu errespetatzen. Ideologia oro balekoa dela pentsatzen duenak ez daki sobera ongi zer ari den pentsatzen. Eskerrak gertatzen ez diren gauzak diren. Beharrik halakorik ez dugun inoiz hemen. Lana egundaino galdu ez duten zenbaitzuek bertze liga batean jokatzen dutela uste dute. Gaitz larririk hurbiletik ezagutu ez duten hainbat haragiaren gainbeheratik salbuetsiak direlakoan daude. Normaltasuna konkistatua duten bikote frankok betiko iraunen dielako uste ustela bizi dute. Eskerrak gertatzen ez diren gauzak diren. Beharrik halakorik ez dugun inoiz hemen.

about

credits

released October 18, 2017

license

all rights reserved

tags

about

Mugaldekoak Bera, Spain

contact / help

Contact Mugaldekoak

Streaming and
Download help

Report this album or account

If you like Mugaldekoak, you may also like: