We’ve updated our Terms of Use to reflect our new entity name and address. You can review the changes here.
We’ve updated our Terms of Use. You can review the changes here.

Begiak lekuko

by Mugaldekoak

/
  • Streaming + Download

    Includes unlimited streaming via the free Bandcamp app, plus high-quality download in MP3, FLAC and more.
    Purchasable with gift card

      €7 EUR  or more

     

1.
Ez ditugu garai berriak aukeratzen, ez bederen ogi mota eta esne marka aukeratzen ditugun bezala. Baina, segur aski, boteretsuenek ere ez dute den-dena nahi bezain loturik izanen, maiz kontrako itxuretan tematzen diren arren. Hala ematen du, lagunok: inork ez ditu soka guztien muturrak. Eta horrek, gustatu ala ez, interesgarri egiten du mundu zalantzati hau. Begietan errealitatearen kresalak min eman baldin badigu ere, gakoa begiradan dagoela uste dugu. Soan. Behakoan. Mugaldekoak, erraterako, laranja usaineko begirada batetik jaio ginen. Itxuraz txikia dena erraldoi bihur daitekeela kontatzeko, lagunartean kantatzeko. Gure begiak eta zuek lekuko.
2.
Azaroko lore 02:59
Azaroko lore, udazken kolore urrea gure atean hartu hosto bat eta zortea eskura betiko. Pinu-ondo luzanga elurraren zain dago lainoa geldi-geldi goiz-argiak preso du mendiko etxolan. Txirula bat entzun da artzaina zoriontsu da artzaintsa xakurrarekin belaien aita eta artaldearen ama. Azaroko lore, udazken kolore urrea gure atean hartu hosto bat eta zortea eskura betiko.
3.
Ukelelez bluesa ezin dela jo, diote ezjakin, joan zinenez, hori bertzerik ez dut, ene kantu tristea. Ukelelea jota negarrik ez dela, diote ezjakin, sokak igurtziz, malkoak badatoz, eta bluesa sortzen da. Ez omen da soinu alaiagorik. Hori ez da hala, zu hemen ez bazaude. Ukelelez bluesa ezin dela jo, diote baina, joan zinenetik, bihotz arraildu honen, sokak soilik jo ditut.
4.
Astelehena, asteartea, asteazkena, ortzeguna, ortzirala Egun txarrak / zailak dira Beharrik aste hondarra hor dugun, lanetik urrun eguraldi ona, buruhauste eta kezkarik gabe. Beharrik aste hondarra heldu den, lanetik urrun bestara joanen gara, eta ez zaigu axola nola finitu. Beharrik asteburuan gauden jada, besarkaturik penengandik urrun, bihar segurki berandu eginen zait. Astelehena, asteartea, asteazkena, ortzeguna, ortzirala Egun txarrak / zailak dira
5.
Galdera-zerrenda bat egin dut, erantzunak jakiteko modurik ez dut izanen, goizegi delako horretarako edo erantzunak ulertuko ez ditudalako. Galdera-zerrenda luzea da gai inportanteak eta ez hain inportanteak jorratzen ditu, baina aspertu nahi ez zaituztedanez haietatik batzuk bakarrik agertuko ditut: zer zen egiazkoa eta zerk ematen bazuen apenas benetakoa, izar-auditorio honetan eta izarpean, non beharrezkoa den sartzeko txartela nahiz ateratzeko txartela; Zer gertatzen da mundu bizi horrekin zeina ezin izanen baitut konparatu bertze mundu bizi batekin; Zertaz idatziko dute etzi egunkariek; Noiz bukatuko dira gerrak eta bertze zerk ordezkatuko ditu; Zein hatzetan egonen da orain bihotzaren eraztuna niri ebatsia, nik galdua; Non da erabakimena, zeina baden eta ez den aldi berean; Zer gertatu da hainbertze pertsonarekin: zinez ezagutu ote dugu elkar? Zer erran nahi zidan M-k, jada solas egiteko gauza ez zenean; Zergatik hartu nituen ontzat gauza txarrak eta zer behar dut berriz ez okertzeko? Galdera batzuk apuntatu nituen lokartu aitzinetik. Ernatzean ezin izan nituen irakurri. Batzuetan susmoa dut hau kode jakina dela. Baina hori ere bada galdera bat egunen batean abandonatuko nauena.
6.
Joan nintzen lorategira maitea ikustera eman nion arrosa eder bat nirekin oroit zedin. Joan nintzen baratze ondora Panpoxa ikustera Eman nion ene mokanesa Liho finez egina. Ai ama ni hiltzean egin negar mina zuenari munduak jakin dezan urak dakarrena, urak darama urak ekarri, urak eraman. Belai eta zelai berdeak non ote da ene grina Enarak ez dira gelditzen eta zenbait dira itzultzen.
7.
Ez naiz joanen lurraren azpira, herio ondoan dela diotelako, ez naute eramanen urkamendira, hilobira joatean harro joanen naiz, utzi hiltzen nire gisa, lurpera abiatu baino lehen. Gerla zurrumurruak hedatu dira, biziaren funtsa haizean galdu da, bizitzen ikasi ordez hiltzen ikasi, jendeak uste du dena fini dela, utzi hiltzen nire gisa, lurpera abiatu baino lehen. Ernea ote naizen ez dakit ongi, baina gezurra, ustez, badakit bereizten, eta gerlak guzia errausten badu, nolanahi ere herri honetan pausatzen utzi, utzi hiltzen nire gisa, lurpera abiatu baino lehen. Mendiko iturrietatik edaten utzi, eta lore basei goxo usain egiten, utzi belai berdeetan gaua pasatzen, eta anai-arrebekin bakean ibiltzen, utzi hiltzen nire gisa, lurpera abiatu baino lehen. Let me die in my footsteps before I go down under the ground.
8.
Marra, marra marratua izateaz asperturik zegoen: hain zuzena, hain jakina, hain ezusterik gabea. Berak borobila izan nahi zuen, horixe zuen amets. Halako batean, marrak angelu batekin topo egin zuen, eta hark erakutsi zion erditik tolestuta angelu bilaka zitekeela. Hala ere, angelu izateaz denbora laburrean nekatu zen, eta triangelu batengana joatea erabaki zuen. Hantxe ikasi zuen triangelu izateak abantaila handiak zituela: soinu ederrak sortuz, orkestran parte hartzen ahal zuen. Denboratxo bat pasatuta, ordea, ez zegoen sobera konforme bere triangelu-formarekin, eta laukiari bisita egiteko gomendioa eman zioten. Haatik, laukiaren asmo oneko aholkuak ez ziren marra borobiltzeko aski izan. Ia etsiturik, etxerako bueltan zetorrela, laranja batekin topo egin zuen. Hari besarkada eman, eta hara, borobil bihurtu zen, aspalditik amesten zuen moduan. Dena den, laranjarekin egon eta gero, izar bat ere aurkitu zuen bidean. Orduantxe ohartu zen zein zoragarria zen marra-marratua izatea eta halaxe pentsatu zuen: “Nahi dudana izan naiteke, dena neure baitan baitago”.
9.
Bi lagun topatu ziren aurrez aurre bata zakur arra zen bestea ehunzangoa. Lehenak galdetu zion lotsarik gabe: “Nola moldatzen haiz hi, adiskide.“ Zakurrak pentsatu eta berriz pentsatu: “Nola hainbertze zango batera altxatu.” Ez baitzuen ulertzen zakur arrak nola egiten duen pixa ehunzangoak. Ehunzangoak hala erran omen zuen: “nekez ulertuko duk lau hankatan pentsatuz.” Probatan ibiltzen zen bi hanka igota, baina beti erortzen zen zakurra lurrera. “Hire pitoa ahantzi, ulertu nahi baduk: ehunka zango izateko aukera ederra duk.” Probatan ibiltzen zen bi hanka igota, baina beti erortzen zen gaixoa lurrera.
10.
Gizakien kantuak beraiek baino ederragoak dira, itxaropenez kargatuagoak, tristeagoak, iraunkorragoak. Gizakirik gabe bizi ahal izan naiz, inoiz ez kanturik gabe; gertatu zen ez nintzela fidela izan neure maiteñoarekin, eta bai kantatutako kantuarekin. Sekulan ez ninduten engainatu kantuek. Edozein hizkuntzatan izanik ere beti endelegatu nituen kantu guztiak. Mundu honetako deusek jan eta edan ahal izan nuen ezerk korritu nituen herri guztiek entzun eta ikusi ahal izan nuen orok ferekatu eta ulertu ahal izan nuen orok deusek, ezerk ere ez ninduen zoriontsu egin kantuek bezain.
11.
Bide bakarra 03:24
Badut pena bat sastaka, nabala bezala ene gogoan, negar bihurtzen den barre algara, malkotan irriz lehertzen dena, pasaturiko bizitza ari zait, mokoka egindakoaz damu. Bekatu eta kulpa izanen dut Mina sobera ezagutzea, Urteetan maitasunak emandako Desengainuak eta min saminak. Noizbait nigana itzuliz gero, Lehengo gorrotoa ahantzita, Arnoa edaten izanen nauzu Zure amodioak utzi bide bakarra. Kardantxiloa etxe ondoan hila ikusi ondoan argi ulertu nuen: gure betiko iturria agortuta landare eder bat ere ihartu egin zen, eta maiteak uso aztien gisa musurik gabe utzi ninduen.
12.
Heldu da trena heldu da, bihurgunea hartzen ari da, eta ez dut eguzkirik ikusi ez dakit batere noiztik. Folsomgo kartzelan preso, denbora motel joaki, baina tren horren helmugan dago San Anton. Mutil kozkorra nintzela, amak hala erran zidan: “Izan zaitez beti zintzo eta armekin kasu eman”, baina tiro egin nuen Renon norbait hiltzen ikusteko, eta orain tren txistua entzunda, oihuka hasten naiz. Treneko jangelan segur, aberatsak bazkaltzen, kafeari xurrup eta purutzarrak erretzen, badakit merezi dudana, ezin naizena libre izan, baina jende hori ikustearekin, barna zait kiskaltzen. Noizbait libre izanez gero, tren hori neurea balitz, trenbidea hemendik kanpo aldenduko nuke nik, eta Folsomgo kartzelatik urrun izan nahi nuke, txistu bakartiak nire bluesa eraman dezan.
13.
Gogoan izan, mintzatzen zaren hizkuntzan mintzatzen zarela ere, gizakiok bi aberri ditugula: euria eta ortzadarra. Inbentario erraldoi bat egiten ari gara gure seme-alabak daltonikoak izan ez daitezen. Ortzadarraren zipriztinek busti gaitzaten mila koloretan. Gogoan izan, jaio zaren herrian jaio zarela ere, gizakiok bi aberri ditugula: ilargia eta eguzkia. Tamaina ezberdina badute ere, biak ikusten ditugu Lurretik. Ura eta haizea bezain beharrezkoak dira: Eguzkirik gabe, ez genuke egunaren argia. Ilargirik gabe, gauaren magia galduko genuke. Gogoan izan inork ez duela sorterria aukeratu euria eta eguzkia maite dituzula. Arren eskatzen dizut, zauden lekuan zaudela ere, bi aberri ditugula ez ahantzi: zurea eta nirea
14.
Txoria kablean, edo mozkor bat gauerdian bezala, saiatu naiz nire gisa libre izaten. Zizareak amuan bezala, zaldun batek ipuinetan bezala, zuretzat altxatu dut xarma guzia. Zakarra izan banaiz noizbait ere, espero dut ahantzi ahal izatea. Desleiala izan banaiz noizbait ere, zurekin ez ba, ez naiz nehoiz izan. Hila sortu den haurrak bezala, pizti batek adarka bezala, ondotik uxatu dut lagundu nauen jendea. Baina zin degizut kantu honengatik nahiz oker egindako guziagatik zugana hurbildu nahi dudala. Bere zurezko makuluan zegoen eskale batek zera erran zidan “ez duk sobera eskatu behar” Eta bere atari ilunean zegoen emazteki xarmantak oihu egin zidan “Eska ezazu gehiago”.
15.
Begirada batetik jaio eta bertze begirada batean itzaliko gara Mugaldekoak. Itxuraz txikia dena erraldoi bihur daitekeela ikusteko, lagunartean kantatzeko. Zuen begiak dira orain lekuko.

credits

released October 16, 2012

license

all rights reserved

tags

about

Mugaldekoak Bera, Spain

contact / help

Contact Mugaldekoak

Streaming and
Download help

Report this album or account

If you like Begiak lekuko, you may also like: